XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Terrorismoa dela eta Europako Barne ministroak bildu ziren Europa osorako neurriak koordinatzea aztertu zen Londresen

Atzo bildu ziren Londresen Europako barne ministroak azken atentatuek sortu duten giroak eraginda.

Antza denez polizien arteko neurriak bultzatuko dira, mugen kontrolak gogortu eta estraditatzeko erreztasunak arindu.

Terrorismoaren aurkako politika efikazago baten koordinaketa izan zen gai nagusia Europako Elkarte Ekonomikoaren (EEE) hamabi herrialdeetako barne ministrariek atzo Londresen ospatutako bileran.

Aparteko segurtasun neurriek inguratu dute gailur antiterrorista hau, premiazko karakterrez antolatua duela egun gutxi, Frantziak eskaturik, Parisen azkeneko bi astetan bederatzi hil eta 166 zauritu ekarri zituen atentatu mordoaren ondoren.

Douglas Hurd britaniarra izan da Treviko Taldea delakoaren eztabaidak presiditu dituena, seihilabeteko honetan Erresuma Batuari baitdagokio Elkartearen lehendakaritza.

Ministroak goizez bildu ziren joan den unean eraikitako hitzaldi areto moderno batean, Parlamentutik gertu, non ordu berean Isabel II erreginak, Commonwealth-en urteoroko batzarreari hasiera ematen ari baitzitzaion.

Aipatutako taldea orain dela hamar urte jaio zen eta Hayako EEEko Estatu buruzagi eta Gobernu buruen azken bileran lepokoa jaso zuen.

Hurd ministroak, asteazken gauez bere kide alemaniarrarekin, Friedich Zimmerman, iritziak elkar trukatzeko Bonnera egindako bidai tximista baten ondoren, deklaratu zuen Europako herrialdeek beren mugak estuki zaindu behar dituztela terrorismoa atzera egin nahi badute.

Zenbait polizi europarrak uste dute Grezia bihurtu dela terroristak Europan inolako trabarik gabe sartzeko erabiltzen duten zubia.

Mugen kontrol handiagoa, eta bereziki herrialde ez komunitarioen biztanleei bisatu eskatzearen asmoa da Margaret Thatcheren gobernu atzerakoiak proposatzen dituen neurritako bat.

Frantziako lehen ministroak neurri hau ezartzea erabaki zuen, eta baita ejerzitoaren unidadeak erabiltzea mugen zainketan, bere lurraldean izan den atentatu mordoaren ondoren.

Gobernu batzuk ez dute begi onez ikusten moeta honetako ekintzak, Europako Komunitatearen berezko izpirituaren ezaugarri omen den bere mugak erabat zabaltzeko printzipioa zalantzan jartzen baitu.

Hartu daitezkeen beste neurriak polizien eta Europako zerbitzu sekretuen informazioaren elkar truke hobetze eta gehitzea izan daitezke, eta baita herrialde bakoitzaren kanpo arazoetarako eta barne ministroen koordinaketa handiagoa.

Beste aldetik, Efek dioenez, Erresuma Batuak nahi du Elkartearen herrialdeek birsina dezaten luza gabe Europako Kontseiluak onarturiko terrorismo ekintzetan inplikatutako pertsona susmagarriak estraditatzeko erabakia.

Barrionuevo ere hortxe izan zen.

London.